Ayuntamiento de Bernedo / Bernedoko Udala

Izki Parke naturala

Pico mediano. Mediano tontorra. DFA

Pico mediano. Mediano tontorra. DFA

Izki, Arabako hego-ekialdean, 1998an izendatu zuten Parke Natural. Bere 9.143 hektareetan paisaia desberdin ugari biltzen ditu eta Euskal Autonomia Erkidegoko parkeetan hirugarrena da, handitasunean.

Funtsean, Izki basoa eta harkaitza da. Nagusiki ameztia dago, baina pagadiak, artadiak, haltzadiak, ezkameztiak, baso mistoak, urkidiak, lertxundiak, hariztiak… ere badira.

Ibai txikiek -Izki, Molino, Berrón-, zeharkatzen dute bailara. Zenbait puntutan ura azaleratu eta putzuak, tranpalak eta zohikaztegi gaiak eratzen dituzte. Hezegune hauetan, anfibio eta hegaztien fauna interesgarriaz gain  -txilinporta txiki, murgil handi…-, flora baliotsua ere garatzen da, hala nola, nenufar zuria, eta landare haragijale sorta aberatsa.

Zeruan, basoaren gainean planeatuz, arrano beltzaren, zapelatzaren, sai zuriaren eta sai arrearen figura lirainak nabarmentzen dira, Izkiko gailurretako kareharrizko harkaitz ebaki dotoreetan atseden hartu eta kumeak egiten dituztenak.

Goiko aldeetako larredi zabalak, non behi, behor eta ardiak bazkatzen diren, pertsonak bizi direla adierazten dute. Kultur ondare oparoak bailara eta mendi hauen historiaren berri ematen du: leize-zulo artifizialak, baselizak, herri gotortuak, tumuluak, karegileak, gazteluak, hondakin arkeologikoak… eta azkenik, Korres Erdi Aroko herria, parke barruan biztanlerik duen herri gune bakarra.

Gastronomia, eskulangintza, tradiziozko jaiak, erromeriak, eta Izkitik gertu dauden herrietan han-hemenka dauden landetxe abegitsu eta erosoek Parke Naturala are interesgarriago bihurtzen dute.

Testuak eta argazkiak: Arabako Foru Aldundia

Informazio gehiagorako: