Ayuntamiento de Bernedo / Bernedoko Udala

Date:09/04/2013
Tags:

Urarte

urarte-pueblo-03Urarte, lur lauan kokatutako herria, Barlas mendiaren oinetan, eta Ayuda ibaiko urek bustia. Trebiñoko Konterriarekin mugakide. Herri zaharra da, historiak XIII mendean kokatzen du. 12818an Hitzarmen Dokumentuetan agertzen da. Dokumentu hauek Alfontso X Jakitunak eta Arabako Kofradiako Zaldunek izenpetu zituzten. XVI. mendean Pedro de Gaunaren Jaurerrikoa izan zen, Arabar Mendialdean sartutako leinua. XVIII. mende bukaera aldean José Joaquín de Salazar Jauna eta Ramona Bruna de Gante y Medinilla Anderea ziren Urarteko Jaunak.

Etxeak bide-herrian zehar daude kokatuta. Antzinako garai noblea fatxadetan dauden armarriengatik nabari daiteke. Real kalean batzuk nabarmendu ditzakegu: Apellaniztarren etxe armarriduna; elizaren atzean Saez del Castillotarrena, 1789ko datarekin; 33 zenbakian XVI. mende amaierako beste eraikin bat dago, sarrera ertzeratu eta erdi-puntuko arkuarekin; eta 46 zenbakian karpanel molduratuko arkua duen sarrera daukan etxea, San Pedroren giltzak dituen sarraila-ezkutuaz bukatua.

Herriaren mutur batean aipatzekoa den lastategia dago. Harrizko bi koloma zilindriko dauzka, kapitelekin eta ese formako marrazkiekin. Errepidearen ondoan, eta Real kalean, “Santutxoa” ikus dezakegu. Orain estali gabe dago, baina hasieran estaldura eduki behar izan zuela uste da. Oinarri karratu bat da eta alboetan koloma oktogonal ederrak ditu, harlanduz eginak eta zokalo batez lotuak. Erdian landa-gurutzadura dago.

Urartek bi iturri-aska-ikuztegi dauzka. Bat herri barruan eta beste bat “El Prado” amildegiko urak jasotzen dituena. Azken urteetan, eta Arabar Mendialdeko beste herri batzuetan bezala, etxe batzuk berreraiki egin dira eta berriak eraiki dira.

Ama Birjinaren Asuntzioaren Ohoretan Eraikitako Eliza

urarte-iglesia-01Ama Birjinaren Asuntzioaren jatorrizko eliza XIII. mendekoa da, eraiki zen data hori da. XVI. mendean zaharberritu egin zen.

Bere estiloa gotikoa da, oinplano angeluzuzena dauka, habearte bakarra hiru zatitan. Nerbiodun ganga batek estaltzen du, diagonal gurutzatuak dituena, hormetara atxikitutako pilareetan oinarrituta eta kapitelik gabe. Presbiterioko arku toralekoak, non giza buruak eta lore-gaiak ikusten diren, XIII. mendekoak dira. Ezkerraldean kapera gotikoa dago, izar-ganga eta nerbiodura okerrekin, eta eraikuntza data XVII. mendea dela uste da. Buruan, kanpo alderantz, hiru leihate berdin dauzka. Arku zorrotza dute, koloma moduko hiru baketoietan oinarrituta. Kapitelak kardina eta emakumeen buruekin daude dekoratuta. XIII mendekoa.

Elizpea XVI. mende amaieran eraiki zen. Erdi-puntuko arku handi bat dauka eta ertz-ganga. Elizpearen irudi nagusia Ama Birjina Arrosariokoarena da, maskorrean amaitutako nitxo batean gordeta. Portalea XIII. mendekoa da. Arkua pixka bat zorrotza da, koloma moduko sei boketoietan oinarrituta. Kapiteletan giza irudien eta munstro irudien erliebe batzuk ikusten dira. Pertsonaietako batek eskuetan bi giltza eta liburu bat dauzka. Giltzarrietan aingeruen buruak.

Dorrea XVIII. mendekoa da, zonaldeko onenetarikoa da. Harlanzduzkoa da eta bertan arrosa-leiho geometriko biselatuen dekorazioa eta kanoi forma duten xurrutarriak ikus daitezke.

Erretaulak, XVI. mende bukaeran eraikia, erliebe zoragarriak dauzka. Irudi batzuk bizitasun handia dute. Irudi horietan Kristoren bizitzako eszenak ikus ditzakegu. Erretaulan nagusi da Asuntzioaren irudia, lau aingeruk helduta. Bere alboetan San Juan Bataiatzailearen eta San Joan Ebanjelistaren  irudiak. Jesus Berpiztua, San Lorenzo eta San Migel goiko aldean daude. Erretaula Kalbario eder batek osatzen du.

Erdikoa bezala, alboetako erretaulak ikustea merezi du. Santa Elenari eta Ama Birjina Arrosariokoari eskainita daude.